Salbatzailea
Urustasun ondotik badoa mundua,
Dauzkan makur guziez barna zauritua,
Daukalarik bihotza minez urratua,
Egun hobeagoez gutiziatua.
Eguberriz hor dugu gure ganatua
Sortzen zaukun haurrean Jainko Indartsua.
Bizidunen alderat zabalduz eskua
Orotarat bizia dauku hedatua.
Artzain on baten pare zauku agertua
Nehor ez dadin izan bidez tronpatua,
Egiaren alderat bilduz estimua,
Guziekin egonez batetaratua.
Ahul izanik ere itxuraz sortua,
Duen haunditasuna dugu aitortua.
Duelakotz mundua zinez maitatua,
Nahi dauku bizia ukan salbatua.
Hura duenak untsa errezebitua
Dauka beti segurra haren sustengua.
Harek dauka makurra beti garraitua,
Bizirako bidea zinez goxatua.
Penatua denari ekarriz pausua,
Nigarretan denari kontsolamendua,
Erakusten du nola zaukun hurbildua
Nahiz deneri eman urrikalmendua.
Artzainekin batean dugu hautatua
Haurraren ganatzea, ahantzirik gaua,
Ukaiteko bihotza argiz gainditua,
Eta bizi guzia zuzeneratua.
Abbé Dunate